Victoria Eugenia Antzokia
Reina Regente 8.
2003 Donostia - San Sebastián
Tel: (34) 943 481 900
Fax: (34) 943 483 300
jazzaldia@donostia.org
2008ko uztailaren 26tik 27ra bitarteko gauean izango da gure Gaubira
Elkar uler dezagun: Gaua Zuriz edo Gau Zuria-ri buruz ari gara. Batera edo bestera, entzungo zenuten hari buruzkorik. Horren bitartez, gure kultur-hiriko biztanle ipurterreei eta Heineken Jazzaldiak iraun artean hirira datozenei -eguraldia eta meteoroen grazia medio- gau osoan zehar hainbat kaleko ekimen musikal edota artistikotan parte hartzeko aukera emateko asmoa dugu; zehatzago izateko, arratsaldeko sei eta erdietatik goizeko zazpietara. Hortik aurrera, ahal duzuena egin.
Hainbat ekimen antolatu ditugu; kaletar kulturari buruzkoak, soinudun instalazioak, dantza, antzerkia, eta (batez ere, jakina) musika. Batetik, Jazzaldiaren ohiko eremuetan izango dira (Agertoki Berdea, Heineken Karpa, Frigo Agertokia, Victoria Eugenia Antzokia-Skoda Eremua, Kursaal Auditorioa-Kutxa Eremua, Victoria Eugenia Kluba eta Kursaaleko Ganbera Aretoa) eta, bestetik, Zientziaren Kutxagunean, Egiako Kultur Etxean (Gazteszena), Alderdi Ederreko lorategietan eta Boulevardeko kioskoan.
Guztien artetik, batik bat interesgarrienak iruditzen zaizkigun zenbait nabarmendu nahiko genizkizueke:
Lehendabizi, Heineken Karpa barruan, gaueko 11etatik aurrera, Open Mike jaia ospatuko da. Zertaz ari garen ulertzeko, edozein jaialdiko emanaldi, kontzertu edo ekimen aurrez programaturikoak direla oroitu behar dugu; alegia: baten batek erabaki du noiz eta non zeinek joko duen. Egoera hori irauli nahian, Open Mike ekimenean parte hartzeko deialdia zabaldu dugu. Eszenatoki irekia da funtsean (Heineken Karpa, uztailaren 26an, larunbata, gaueko 11tatik goizeko 7etara), eta bertan izena eman duten ordenaren arabera arituko dira taldeak.
Era berean, biziki interesgarria iruditzen zaigu Jacques Rémus soinudun instalazioen sortzaileak hirian aurkeztu duen proposamena. Ez dira gau horretan bakarrik emango, baina haren arrakastaren osagarri izango da -delakoan gaude-. Bi instalazioren aurkezpena prestatu du Rémusek. Horietako bat, Perkusio baskulak izenekoa, grabitateak, interfaze hidrauliko batek eta ordenagailu batek gobernaturiko kariloi erraldoia osatzen duen zortzi makinatako instalazio izugarria, Zientziaren Kutxagunean egongo da ikusgai. Zailagoa da Rémusek Gazteszenan paratuko dituen Termofonoak zer diren azaltzea. Aste osoan izango dira ikusgai, arratsalde eta gaueko ordutegian. Gainera, sortzaile frantsesak beste batekin batera osatzen duen Signa bikotearen bi kontzertu eskainiko ditu, gutxienez a-topikoak izango direnak. Aparteko musika-tresnak, estetika esklusiboa eta proiekzioak Victoria Eugenia Klubean eta Agertoki Berdean.
Gaubira honetan, bada azpimarratu nahi dugun beste kontu bat: kaletar kultura arloa, hain zuzen. Hala, Breakdance saioa izango da Boulevardean.
Aquariumaren mendeurrena dela-eta, Gaubiran bi kontzertu izango dira: terrazan Dixie Five taldearena, eta ekitaldien aretoan Musica Nudarena.
Horrek guztiak eta gehiagok osatutako eskaintza anitza eta zabala, zuek guztiok, donostiar zaretenok zein bisitariok, hiria gauean zeharkatzeko aitzakia egokia izan dezazuen, arteaz, kulturaz eta elkarbizitzaz gozatuz.
Edozein musikari edo musika-taldek izango du agertokia eta bertako baliabideak ordu erdiz erabiltzeko aukera, baldin eta gure weborritik behera kargaturiko inprimakia betetzen eta gure bulegoetan uztailaren 26ko arratsaldeko 5etatik aurrera uzten duten aurreneko hamarren artean badago.